INSERTECek, LORAMENDIk eta TECNALIAk enpresa berri bat sortu dute galdaketaren sektorea bultzatzeko

Apr 07

ILT Plasma Technologies-en bidez, hobekuntzak lortuko dira galdaketaren kalitatean, energia-errendimenduan eta instalazioen produktibitatean, berotze-sistema berritzaile baten bitartez

 

Basaurin, 2014ko apirilaren 2an. Europako burdinaren galdaketaren sektoreak urtean 10.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen du, World Foundry Organization erakundearen arabera. Testuinguru horretan jaio da ILT Plasma Technologies SL, oinarri teknologikoko enpresa berri bat, zeinaren helburua baita hobekuntza lortzea galdaketaren kalitatean, energia-errendimenduan eta instalazioen produktibitatean, potentzia handiko plasma termikoz berotzen duen sistema baten bitartez. Enpresa horren atzean daude INSERTEC eta LORAMENDI, sektorean esperientzia handia duten bazkide industrialak, eta TECNALIA, ikerketa aplikatuko zentroa.

 

TECNALIAk garatutako PLASMAPOUR® izeneko teknologia galdatze-unitateak berotzeko sistema bat da, eta HPTP (“High PowerThermal Plasma”) potentzia handiko plasma termikoaren teknologian oinarritua dago. 15 urtez aritu dira ikertzen, eta burdinaren galdaketaren sektorean gertatu den berrikuntza handienetako bat lortu dute mundu mailan.

Teknologia horren bidez, abantaila garrantzitsu hauek lortzen dira: ohiko ekipoekin lortu ezin diren galdaketako tenperatuta-tartean lan egin daiteke; energia-errendimendua hobetzen da, bai galdatze-unitatearena, bai instalazio osoarena; instalazioaren produktibitatea hobetzen da, linea-ahalmena handitzen delako, errefusak gutxitzen direlako eta plakaren errendimendua hobetzen delako; eta burdinurtuaren kalitate metalurgikoa hobetzen da.

ILT Plasma Technologies-en jarduera nagusia izango da plasma-instalazioak ekoiztea, egokitzea, komertzializatzea eta martxan jartzea galdaketaren sektorerako; eta zenbatesten da 1.600 milioi euroko merkatu potentziala eragingo duela mundu osoan. Enpresa berriak Basaurin izango du egoitza, eta sortu eta laugarren urtetik aurrera urtean 2,4 milioi euro fakturatzea espero da. ILT Plasma Technologies-ekin harremanetan jartzeko: www.iltplasma.com / info@iltplasma.com

Oinarri teknologikoko enpresa berri honen sorrerak, zailtasun ekonomikoen garai honetan, adierazten du euskal industria aktibo dagoela eta etorkizunarekin eta jarduera ekonomikoaren sorrerarekin konprometituta dagoela, lankidetzaren, berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua egin baitu.

Oinarri teknologikoko enpresa berria martxan jartzeko, BEAZen laguntza izan da. Sozietate hori Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren barnean dago, eta jarduera ekonomikoa handitzen eta enplegua sortzen laguntzea du helburu.

 

LORAMENDIri buruz

Enpresa hau 1973an sortu zen Gasteizen, eta Mondragon Taldekoa da. Munduko liderra da galdaketarako ekipamenduaren sektorean, eta irtenbide osoak proposatzen ditu moldaketa bertikaleko lerroen eta harea-arren fabrikazioaren eta mihiztatzearen alorrean. Alemania, Txina, AEB, Mexiko eta India dira enpresaren merkatu nagusiak, eta bulego komertzialak eta saldu osteko zerbitzuak ditu merkatu horietan.

Bezero nagusiak automobilgintzako lehen mailako hornitzaile globalizatuak dira, eta haientzat egiten dituzte blokeak eta kulatak, balazta-diskoak, eta segurtasun-piezak, budinaz nahiz aluminioz. Batez beste, 60 milioi euro fakturatzen dute, horietatik % 90 esportazioari dagokio. 160 pertsonak egiten dute lan Gasteizen, eta beste 60k haren filialetan. Enpresaren xede nagusia da bezeroen garapen teknologikoari laguntzea eta saldu osteko zerbitzu bikaina ematea mundu mailan.

www.loramendi.com

 

INSECTECi buruz

Enpresa hau Bilbon sortu zen 1980an, eta labe industrialak eta produktu erregogorrak ekoizten ditu. INSERTECek ingeniaritzaren eta materialen zientziaren (burdina, altzairua eta aluminioa nagusiki) alorreko irtenbideak diseinatzen eta fabrikatzen ditu: urtzetik hasi eta galdaketa eta bukaerako tratamendu termikoraino.

1990eko hamarkadan ekion zion nazioarteratzeko ibilbideari, eta horren emaitza dira gaur egungo filial-sare garrantzitsua (Mexiko, Italia, Brasil eta Txina) eta eragileak eta banatzaileak. Horiei esker lortzen du salmenten % 75 jarduera horretakoa izatea.

www.insertec.biz

 

TECNALIAri buruz

TECNALIA Research & Innovation Espainiako ikerketa aplikatuko zentro pribatu nagusia da, baita Europako nagusietako bat ere. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu baino gehiago ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizimodua hobetzeko, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

Eskutik doazen bi kontzepturen sintesia da Inspiring Business: imajinatzea eta gauzatzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.

I+G propioa sustatzeko eta aktibo teknologiko berritzaileen bizi-zikloaren kudeaketa osoa egiteko, eta, hala, aktibo horiek gizartean duten eragina maximizatzea eta haiek merkaturatzearen itzulkina TECNALIArentzat ahalik eta handiena izatea lortzeko, TECNALIA VENTURES SL enpresa sortu zen 2013an. Enpresa hori % 100 TECNALIA da, eta berebiziko garrantzia izan du ILT Plasma Technologies-en inkubazioa bizkortzeko prozesuan.

www.tecnalia.com

¡Forma parte del ecosistema!

No dejes escapar oportunidades de negocio que te interesan. Envíanos tus datos y empieza a formar parte de nuestro vibrante ecosistema emprendedor.