TECNALIAk enpresa bat sortu du hoteletan, ekitaldietan eta parke tematikoetan eskumuturreko adimendunak kudeatzeko

Oct 28
  • img_20161026_134504Ikerketa-zentroak AUREA PAY&PASS SOLUTIONS SL jarri du abian; enpresa berri horrek eskumuturreko adimendunen erabilera kudeatzeko plataforma bat aurkezten du. Eskumuturreko horien helburua erabiltzaileei erosotasun eta segurtasun handiagoak eskaintzea da, hotelek, parke tematikoek, gurutzaontziek, kirol-lehiaketek eta ekitaldiek eskaintzen dituzten zerbitzuez gozatzeko garaian.
  • Enpresa berria Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago, eta aurreikusten du lehen hiru urteetan urtean 3 milioi euroko fakturazioa lortuko duela.

Teknologia berriek forma berriak hartzen jarraitzen dute, kontsumitzaileak inguruneak eskaintzen dizkien zerbitzuez ahalik eta era eroso eta errazenean goza daitezen. Hori da TECNALIA ikerketa aplikatuko zentroak sortu duen AUREA PAY&PASS SOLUTIONS SL enpresa berriaren xedea, eta, horretarako, plataforma bat eskainiko du eskumuturreko adimendunen erabilera kudeatzeko. Eskumuturreko horien bidez, sarbideak kontrolatuko dira, ordainketak eta eragiketak egin ahal izango dira, eta modu eroso eta errazagoan erabili ahal izango dira hotelek, gurutzaontziek, parke tematikoek eta bestelako ekitaldi-antolatzaileek eskaintzen dituzten zerbitzuak.

Teknologian oinarrituriko enpresa berri horrek aukera emango die turismo eta aisialdiko negozioei “smart” (ingelesez, adimendun) bihurtzeko; hau da, segurtasuna eta fakturazioa handitu, bezeroak denbora errealean monitorizatu eta diru-sarrera berriak sortzeko aukera eskainiko die. Era berean, esperientzia hobea eskainiko dio kontsumitzaileari: segurtasun handiagoa izango du ordainketak egiteko garaian, lekuetara bizkorrago sartu ahal izango da, kargatze eta diru-itzulketa automatikoak egin ahal izango ditu, sare sozialekin interakzioan jardun ahal izango du eta deskontu pertsonalizatuak lortuko ditu. Eta hori guztia modu seguruan egingo du, plataformaren enkriptatze-sistemen bidez.

Une honetan, teknologia hori jada ezarri da proiektu pilotuen bidez zenbait hotel eta ekitalditan; esate baterako, 1 Formulako Espainiako Sari Nagusian eta Conde de Godó Tenis Txapelketan.

AUREA PAY&PASS SOLUTIONS SL Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatuko da, eta aurreikusten du lehen hiru urteetan 3 milioi euroko fakturazio metatua lortuko duela.

Enpresa berria aste honetan eratu da Bilbon, hauen lankidetzarekin: Ignasi Prat, esperientzia handiko ekintzailea eta sozietate berriaren sustatzailea; Ernest Sales, informatikaren sektorean esperientzia handia duen babesle inbertitzailea eta Hewlett Packard-eko lehendakariorde nagusi ohia; Juan Fajardo Navarro, eraldaketa digitalean aditua eta ekintzaile teknologiko ezaguna; eta Xavier Olivella Cargol, ekonomia berriko enpresari ezaguna, enpresa teknologikoen nazioartekotzean esperientzia handia duena. Horiez gain, eremu teknikoan eta salmentetan, Onity-ren laguntza izango du, hotel-industriarako sarraila elektronikoen horniduran munduko aitzindaria den enpresa.

TECNALIA arduratu da aktibo teknologikoa garapenaz eta enpresa berriko sozio estrategiko izaten jarraituko du, hura babestu eta teknologiaren funtzionalitate berriak garatzen laguntzeko, enpresak merkatuan duen kokapena hobetzearren eta lehiakide izan daitezkeenen aurrean lehia-abantaila handitzearren. Bestalde, TECNALIA Ventures arduratu da, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin batera eta inkubazioa bizkortzeko bere programaren bidez, azkenean enpresa berria eratzea ekarri duen negozio-aukera garatzeaz.

¡Forma parte del ecosistema!

No dejes escapar oportunidades de negocio que te interesan. Envíanos tus datos y empieza a formar parte de nuestro vibrante ecosistema emprendedor.